XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lan honek bi helburu zituen: bata berehalakoa, euskaltegietako lanak minimo batzuetan bateratzea; bigarrena luzarorakoa, talde teknikoaren lanen ardatz izatea, bere inguruan ariketa, material eta gainontzeko lanak bildu ahal izateko.

Beste lan batetan esana dago egiturek eta hitzek osatzen dutela edukien kopurua.

Geure lan hau egituretara mugatu dugu.

Oraingoz ez diogu lexiko mailaketari ekin.

Hala ere, gramatika-arauak ez diren edukiak ere agertzen dira, interes berezia dutenean.

Bestalde, euskararen gramatika-arau guztiak ere ez daude edukien mailaketa honetan, erabat burutua balego hala beharko lukeen arren.

Oraingoz kontutan hartu dugu euskaltegietako ikastaroak 500 ordutakoak direla.

Hutsune nabari batzu aipa genitzake: galdegaia (hasieratik zaindu behar litzateke euskarazko klaseetan) eta atzizkiak.

Edukiak aukeratu ondoren beraiek ordenatu beharra zegoen, hau da, mailaketa bat egin beharra, bainan ez edozein mailaketa, helduen euskalduntzeak eskatzen duena baizik.

Liburu honen beste artikulu batetan esan den bezala, maiztasuna eta zailtasuna aukeratu ziren erizpide nagusitzat.

Kontutan hartu behar dugu ikasleari euskaraz komunikatzeko bideak ahal den azkarren zabaldu behar zaizkiola; hori da oraingoz gure helburua.

Maiztasunaren erizpidea kontutan hartuz, gehien erabiltzen den edukia lehenago sartu dugu irakaskuntza-prozesuan eta bitxienak hobekuntza-maila baterako utzi.

Gauza berdintsuak esateko era bat baino gehiago badago, horietatik erabiliena sartuko dugu lehen mailetan eta besteak geroagorako utzi, ikaslearen eta irakaslearen ahaleginak ekonomizatuz.

Hizkuntza estruktura logiko bat denez, badu beregan errazetik zailera doan mailaketa natural bat.